Blogia
CRISOPINA

Neguaren zai

Kasualitateak egon badira. Euskararen egunak izaten dira abenduaren lehenengoak eta harengan lan izugarria egin duten bi ohorezko pertsonai hil dira data honetan. Hain zuzen, orain dela bi urte, abenduaren lehenan Mikel Laboak uzten gintuen eta aurten, abenduaren lauan, Xabier Lete izan dugu.

Biek borroka egin zuten Frankismoaren garaian euskararen kultura bultzatzeko eta areagotzeko ideiarekin eta besteak beste, Benito Lertxundi, Jexux Artze, Jorge Oteiza, Jose Anton Artze, Lourdes Iriondo eta Nestor Basterretxearekin batera Ez dok amairu mugimendu kulturala eratu zuten. 1966 eta 1972 bitartean, euskal kultura berpizte lanetan aritu ziren mugimendu honetan parte hartzen zutenek eta batik bat izan zen kantuaren bidez berpizte hau erdiesteko bidea. Izan ere, abestien bitartez mezuak botatzen zituzten euskararen alde aritu ziren kulturgile hauek.

Xabier Letek zantzu bat utzi du euskararen inguruan batez ere olerkigintzan eta kantugintzan. Makina bat lan konposatu ditu eta sariak irabazi ere. Esaterako, 1992eko ‘Zentzu antzaldatuen poemategia’-rekin, Letek Euskaltzaindiak banatzen duen Felipe Arrese Beitia poesia saria, edota 2009n Literatura Euskadi saria eta euskarazko poesiaren kritikaren saria ‘Egunsentiaren Esku Izoztuak’ lanagatik. Bere kanta baten izenburua gisa, Lete ‘Neguaren zai’ hil zen Laboaren txoriekin aurkitzeko asmotan.

0 comentarios